Leire Aramendia: “Kirol arloan Bera Bera kalitate salto bat da”
Bera Bera Eskubaloiak Bidebietan aurkeztu du aurreneko fitxaketa, Leire Aramendia esker hegaleko jokalaria, azkeneko bost denboraldiak Helvetia Alcobendasen igaro duena.
Nafarroako Lerin herrian jaioa “ilusioa” nabarmendu du “aldaketa handia delako eta kalitatean urrats bat”. Horregatik, adierazi zuen “harriduraz jaso nuen Tatiren deia”, Kopa ostean iritsi zena, behin jakinda Matxalen Ziarsolok erretiroa hartuko zuela. Aramendiak aipatu du “erabakitzea hartzen ez nuen denbora asko eman, kirol arloan aldaketa nahi nuelako”. Halere, hegaleko jokalariak “presioa” gainetik kendu nahi izan zuen, “ikasi nahi dut” eta denboraldia duela egun gutxi amaitu arren “hasteko gogokin nago”, Puchek eta Iker Fernández prestatzaile fisikoak udarako hainbat ariketa bidali arren.
Bere “lehentasuna” ez da tituluak irabaztea “ez dudalako sekulan lortu” baina “baten bat ospatzea nahiko nuke Bidebietan maiatzean bizi izan zen giroaz disfrutatzeko”.
Aramendiak Itxakon jokatu zuen kadete eta jubenil mailetan eta lehen taldean aukerarik ezean, Alcobendasera joatea erabaki zuen. “Abiadura, kontraerasoa eta denboraldi osoan korrika egin” aipatu ditu ekarpen gisa. Bera Berak Txapeldunen Ligan inskribatzea galdetuta, Aramendiak adierazi du “oso pozik nago Txapeldunen Ligan arituko garelako” hortaz, aipatu du Bera Berara etortzeko erabakia “birritan asmatu dut”.
Aurkezpenean, Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak aipatu du “gaztea izan arren -23 urte- ohorezko mailak eskarmentua du, fisikoki ezaugarri onak ditu eta ziur nago taldeari segituan moldatuko dela”.
Aramendiak igandean Esther Arrojeria, Maite Zugarrondo eta Alba Menéndezekin bat egingo du B selekzioan, Unibertsitate mailako Mundialari ekingo diona Antequeran ekainaren 27tik uztailaren 2ra arte.