O Porriñoruntz, Liga hizpide
Bera Bera Eskubaloiak denboraldiko azken bidai luzeari ekin dio. Eta azken urte hauetan zoriona dakarren leku batera egin du, O Porriñon, hain zuzen, 2013ko Kopan lortu zuten donostiarrek orduan eta lehengo apirilaren 17an azkena.
Halere, Bera Berak ez du Kopa hizpide izango, Loterías Liga baizik. Lehengo igandean Mecalia Atlético Guardés gainditu ostean, Pucheren taldeak 13 partida jarraian irabazi dituzte Ligan, itzuli osoa. Ez da nahikoa, baina. Pasa den asteazkenean Rocasak Zuazo gainditu zuen eta Bera Berak gauza bera egin beharko du BM Porriñorekin, Kopako final-laurdenetan sasoi onean zegola frogatu zuena Rocasari irabazita eta finalerdietan nagusi izan zen markagailuan azken unera arte. Hortaz, bajak izan arren, Europa helburu Abel Estévezen taldeak lanak jarriko dizkio Bera Berari, iaz esaterako gol bakar batez nagusi izan ziren donostiarrak (27-28).
Bestetik, Puchek azken partidetako deialdiarekin jarraitzen du eta Kopa bizitzeko aukera izan zuten 16 jokalari eraman ditu. Asteazkeneko entrenaldian Tania Yáñez eta jubenil mailako Elene Vázquez jokalarien arteko talka baten ondorioz biek puntuak jaso zituzten baina bizkaitarrak ez du arazorik izango jokatzeko. Partida 18etan hasiko da eta Alberto Hermoso eta David Monjo (Madril) epaileek zuzenduko dute.