Bera Berako ardurandun Tati Garmendiak babestuta eta taldekideak eta entrenatzaileak gertu zituela, agerraldi sentibera batean, Matxalen Ziarsolo kapitainak gaur goizean Kirol Etxean denboraldi amaieran lehiatzeari utziko diola azaldu du.
“Hartutako erabakiarekin oso pozik nago, gustora burutu dudan ibilbidearekin, aurten gogorra izan da baina lan gogorra betetzen ari naiz denboraldiko partidaren bat edo beste jokatzeko eta pistan agur esan, hilabetea dut aurretik eta lortzea espero dut” hasi du agerraldia Matxalen Ziarsolok.
Horren ostean, 15 denboraldi burutzeagatik, eskertzak luzatu ditu “klubati, taldekideak, familia, zalegoak” eta lesioak gainditzen lagundu dioten guztiei.
Bera Bera Eskubaloiko kapitainak onartu du “oso pozik nago nire kirol ibilbidearekin, eta hemen egon naizelako. Atzerrira joateko planteamentua izan nuen bere garaian baina atzera begiratuta asko pozten naiz hemen gelditu naizelako, azken urte hauetan oso garrantzitsuak izan dira tituluak lortu direlako. Asetuta nago egindakoarekin, taldeak eman didanarekin. Eskubaloia utziko dute beste erronka batzuk bizi nahi ditudalako eta pozik nago”.
Bera Berako lehen taldean 2001-02 denboralditik, Ziarsolok onartu du “tituluak lortu ditugun urteekin gozatzera tokatu zait, harro nago, halere, gu horrela gaude orain, lehendik jende asko lan gogorra egin duelako, goian izan delako, eta guri lan hoien fruituak biltzea tokatu zaigu, oso bolada ona”.
Ziarsolo da Bera Berako 13 tituluak eskuratu dituen jokalari bakarra: hiru liga, bost Kopa eta bost Superkopa. Titulurik hunkigarrienaz galdeturik, zalantzarik gabe esan du, “lehenengoa, 2007ko Kopa, faboritoak ez ginelako eta aukera gutxi genuelako”. Bere ustez, klubarentzat urrats handia izan zela Kopa horrek. “Hortik aurrera eboluzioa eman zen” eta Itxakoren desagerpenarekin “faborito ginen Ligarako eta presio horrekin lortu genuen”. Horregatik, 2012-13 denboraldiko Liga ere azpimarratuko luke “ligak urteko ibilbidea saritzen duelako, talderik onena nor den zehazten duelako”.
Halere, Matxalen Ziarsolo aitortu du “tituluak baina, onena da ezagutu dudan jendea, nire familia ere badena, lagun handiak egin ditut eta, bestetik, talde baten kidea zaren sentsazioa eta talde gisa finkatutako helburuak lortzen dituzula”. Bera Berak “goi mailan lehiatzeko aukera eman dit, Ligan, Kopan, Europan eta Champions League bezalako txapelketa Donostiara ekarri genuen, hori eskubaloiak eman didan gauzarik handieneratikoa da”.
Bera Beraz galdeturik, Ziarsolok adierazi du “familia da, 15 urte egon naiz, jende askorekin tentsio handiko uneak bizi ditut eta hor agerian uzten dira sentimentuak”. Kapitainak azpimarratu du “pribilegiatua naiz elitean hainbeste urte egoteagatik eta urtetan nire lanbidea izan delako”.
Baina gehiago nahi du. “Jokatu nahi dut” ohikatu du. “Ordu asko sartu ditut hilabete hauetan”, onartzen badu ere taldekideak “sasoi betean daude eta dinamika horretan sartzea oso zaila da baina espero dut lortuko dudala”.
Eta, jakina, laugarren ligarekin agur esan nahi du. “Gure esku dago, lídergoan gaude, denboraldiko unerik onenean gaudela uste dut baina etxetik kanpo partida zailak izango ditugu, larunbatean besteak beste Porriñon, gero Barakaldo… oso konplikatua izango da baina lortzeko borroka egingo du”.
Bera Berako arduradun Tati Garmendiak eskertu dio bere dedikazioa eta adierazi du “eredu bat izan dela jokalari, pertsona eta kapitain gisa klubarentzat, jokalarientzat, zuentzat (komunikabideentzat) eta jende guztiarentzat”.
Agerraldi amaieran, taldekideak, gerturatu den zaletuek eta kazetariek txalo artean agurtu dute Matxalen.