Atzo Bidebietan, partidako 38. minutuan 17-13 markagailuan, Judith Sansek penaltia lortu zuen eta Montse Puchek, harmailetako eta Maialen Múgica beraren ustekaberako, alboko jokalaria deitu zuen zazpi metroak jauti zezan. Bera Berak hiru penalti huts egin zituen ordurako.
Ostean, zarauztarrak onartu zuen urduri jarri zela. Clínicas Rincón Málaga taldeko pista aldera korrikan abiatu zen, baloia komentzituta hartu eta azpitik gola sartu zion Virginia Fernández atezainari. Irri zabalari eutsi ezinik eserlekura bueltan, harmailetan Matxalen Ziarsoloren begirada aurkitu zuen (gurasoena saihestu zuen) eta taldeekideen eta entrenatzaileen zorionak jaso zituen. Handik minutura, Esther Arrojeriari egindako penaltia ere sartu zuen Múgicak.
Atzean, 15 hilabete luze. Bere azken partida ofiziala 2015. urteko Euskal Kopako finala Zarautzen, taldeko golegile nagusiena izan zen orduko garaipenan. Ligan, Málagan izan zen azken norgehiagoka 2014ko azaroaren 16an.
Euskal kopa osteko entrenaldi batean Maialen Múgicak eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. Otsailean egin zioten ebakuntza, Castelloko Kopa bezperan, abuztuan berriro sinkope izeneko sindromea kentzeko ebakuntza egin zioten eta beste urte erdi pasatu du belauna indartzen.
Puchek berriro deitu zuen 45. minutuan -penaltiak jaurtzera baino ez zen atera-, Bea Fernándezi adierazitako penaltia ere gauzatu zuen Múgicak baina 58. minutukoa huts egin zuen zarauztarrak, goi mailara itzultzea zaila den seinale. Maialen Múgicak atzo gustora egin zuen irribarre eta orain indar handiarekin lanean jarraituko du taldekideen mailara iritsi ahal izateko.