Ez da erraza lehiatzera itzultzera hiru asteko etenaldia pasatu ostean, halere, Bera Berak Clínicas Rincón Málaga (30-23) gainditu du defentsan ohiko intentsitatea mantendu duelako, Ana Tempranok partida hasieran oso geldiketa onak egin dituelako eta kontraerasoa baliatu dute donostiarrek markagailuan tartea irekitzeko.
Baliabide horiekin, Bera Bera 8-1 jarri da aurretik, Tempranoren bost geldiketa medio eta kontraerasoan Menéndez (2), Etxeberria eta Pinedok asmaturik. Halere, eraso posizionalean arazoak izan ditu taldeak, Ederrak asmatu du lehen baloian eta zazpi metroetatik ez da fin ibili, aurreneko zatian hirutan huts egin baitu.
Halere, Clínicas Rincón Málaga erasoan asmatzen hasi da Karsten, Stroe edo Lópezekin baina Bea Fernándezek lekukoa hartu du hiru golekin, atsedenaldian 13-8 aurretik gipuzkoarrak.
Bigarren zatian, Puchek 5-1 defentsa jarri du Alicia Fernández aurrean jarrita. Andaluziarrek tartea murriztu dute (18-13) baina Bera Berak estutu du berriro, penaltiak lortu dituzte, Maialen Múgicak gauzatu dituena (lautik, hiru). Zarauztarrak 15 hilabete igaro ditu pistatik kanpo. Bere bi golei esker eta Martínezen jokuak, bikain bigarren zatian, partida hautsi dute (41. min. 20-13).
Hortik amaierara, Puchek minutuak banatu ditu Ezkurdia, Lizarbe –gaur 20 urte- eta Zugarrondo sartuz, gaur ere oso geldiketa onak egin dituena.
Hortaz, hamaikagarren garaipena jarraian erreskadan Loterías Ligan eta hemendik asteazkenean Rocasaren aurkako lehia erabakiorra baino ez dago Bera Beraren baitan.
Fitxa: Bera Bera 30, Clínicas Rincón Málaga 23
Bera Bera 30 (13+17): Temprano, Etxeberria (2), Menéndez (3), Arrojeria (1), Ederra (1), Martínez (5) eta Pinedo (4) –titular- Sans (1), Alicia Fernández (4, 1p), Bea Fernández (4), Ezkurdia (2), Múgica (3p), Lizarbe eta Zugarrondo (o.a.). Deialdian: Yáñez eta Husillos.
Clínicas Rincón Málaga 23 (8+15): Solano, Stroe (1), Valdivia (3), Karsten (6), Torres (1) Mjaerum (2) eta López (1) –titular- Méndez (3), Moreno, Gutiérrez (4), Ramos (2), Cuevas, Virginia Fernández (o.a.).
Epaileak: Javier Álvarez –EAE- eta Yon Bustamante (Nafarroa)
Kanporatuak: Menéndez, Etxeberria, Martínez, Lizarbe eta Bea Fernández Bera Beratik eta Méndez (2), Moreno, Karsten eta Gutiérrez Clínicas Rincón Málagatik.
Partzialak: 1-1, 2-1, 5-1, 8-2, 9-5, 13-8 –atsedenaldia- 15-11, 18-13, 22-14, 23-16, 26-19 eta 30-23.