Puche: “Málagari ez badiogu irabazten, berdin zaigu Rocasa”
“Talde honek lehiatzea du gustoko eta larunbata ez ezik apirila ere noiz iritsiko irrikan geunden, zaila bezain interesgarri eta polita izango dena” gaurko agerraldia hasi eta berehala adierazi du Montse Puche Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaileak.
Izan ere, ia hilabeteko etenaldia jasan ostean, donostiarrek larunbatean 18etan Clínicas Rincón Málaga hartuko dute Bidebietan (Javier Álvarez –EAE- eta Yon Bustamante –Nafarroa), “Ligako errebelazio taldea” Pucheren ustez.
Hilabete honetan Bera Berak Ligarako aukerak jokoan jarriko ditu eta Kopako finaleri ekingo dio O Porriñon, 15tik 17ra bitartean. Apirilari nola heltzen zaion galdetuta, Puchek hasperen egin du “lan askorekin”. “Oso hilabete gogorra da, fisikoki karga sartu dugu, kanporaketak pasatu ahala Kopak asko eskatzen du eta hemendik aurrera partida guztiak finalak dira guretzako” azaldu du.
Rocasak Challenge Cupeko finalerdiak jokatuko dituenez, partida erabakiorra Telden asteazkenean (apirilak 6) izango da baina Puchek larunbateko norgehiagokari eman dio lehentasuna. “Partida guztiak dira garrantzitsuak, ez digu ezertarako balio Kanarietara irabaztea joatea Clínicas Rincón Málaga ez badugu gainditzen”. Entrenatzaileak argi du “hasieratik amaiera arte guztia eman behar dugu partidetan, jokalariek barneratu dute eta espero dut emaitzetan adieraztea”. Rocasak 22-20 irabazi zion atzo Elche Mustang taldeari, hortaz, lau puntuko aldea du orain sailkapenean.
Halere, Puchek onartu du “aste hasieran larunbateko partida izan dugu hizpide, halere Rocasaren aurkako partida begi-bistan dugu, asteartean bidaia egingo dugulako, egun pare bat izango dugu hori prestatzeko eta guk ehuneko ehunean nahi dugu taldea bi partida hauetan”.
Horregatik, Bera Berak “partida on bat egin nahi du larunbatean”, horretarako plantilla baikor ikusten du “eskertzekoa da jokalariak frogatzen ari direlako guztiok dugun ametsa egi bihur daitekeelako”.
Baina ez du bere taldeak asteazkenari begira jokatzea nahi. “Aurrean motibazio handiko Clínicas Rincón Málaga izango dugulako, aurreneko aldiaz Kopako fase finalari ekingo diote eta neguan fitxaketa onak egin ditu -Alicia Torres pibotea eta Elke Karsten argentinarra-, aste hauetan taldeari egokitzen egongo zirenak”.
Komunikabideen aurrean egindako agerraldia ilusioz eta konfidantzaz beteriko mezu batekin amaitu du Puchek. “Liga hasieran inork gutxik eman zigun faborito; urrian (Rocasa eta Guardesekin galdu ostean) are gutxiago, baina Liga eskuratzea gure esku dago, bizirik gaude, irabazi nahi dugu eta horretarako egingo dugu lan”.