Porriñoko Kopak Zarautzen du geldiune (larunbata, 17,45etan)
Bera Berak Kopa du helburuen artean, apirilaren 15etik 17ra bitartean Pontevedrako Porriño herrian ospatuko dena, 2013an bezala, non donostiarrek hirugarren aldiz irabazi zuten. Aurten ere bertan egoteko biharko kanporaketan Aritzbatalden, partida bakarrera, Aiala Zarautz gainditu behar du Bera Berak (17,45etan, Jesús Escudero eta Jorge Escudero, Kantabria).
Aurtengo denboraldian laugarren aldiz arituko dira elkarren aurka Bera Bera eta Aiala Zarautz: bi lagunarteko abuztuan Egian eta abenduan, Lekunberrin; eta Loterías Ligako bi jardunaldiak. Donostiarrek aise irabazi dituzte partida guztiak baina Kopak emaitza harrigarriak eskaintzen ohi ditu.
Porriñoko zortziko finalean izateko sei txartel banatuko dira bihar, Porriño antolatzaile gisa eta Rocasa egungo txapeldun moduan sailkatu direlarik.
Bihar Aritzbatalden paradoxaz beteriko norgehiagoka biziko da, izan ere, helburu ezberdinak dituzten bi taldeak elkarren aurka arituko dira eta gainera emaitzen aldetik ere bi bolada –Bera Berak zortzi partida jarrian irabazi ditu ligan eta nagusi izan zen Valladoliden eta Aialak porrota jaso zuen etxean Elcheren aurka-. Horrez gain, Kopan 1992 urteaz geroztik beti egon den taldea da Bera Bera eta aurtengo denboraldian lehiaketa horretan debuta egin duena da Aiala. Zortziko finalera iristeko sistema aldatu zutenez, Aiala Zarautzek Grupo Adesal gainditu zuen azaroan Kordoban.
Bera Bera orain sartuko da lehian. Donostiarrek lau Kopa irabazi dituzte: 2007 (L’Eliana, Valentzia), 2009 (Monóvar, Alacanten), 2013 (Porriño, Pontevedra) eta 2014 (Alcobendas, Madril).
Pucheren deialdian Eider Lizarbe da nobedadea. Zarauzko partida amaiatu eta berehala Bidebitan senior mailako partidan egon nahi du donostiarrak, izan ere, bere taldeak fase berri bati ekingo dio Basauriko Indupime taldearen aurrean eta igoera fasera pasatzea dute helburu.
Partida atariaz minutuko isilunea gordeko da Juan Carlos Elorza kazetariaren heriotza dela eta. Halere gehien eskertuko lukeen omenaldia eskubaloi partidarik onena izango litzateke.