Montse Puche entrenatzaileak Bera Bera eta Aula Valladolid taldeen artean antzekotasunik ikusten ditu baina ezberdinatasunik ere bai. Donostiarrek Huerta del Rey kiroldegian arituko dira larunbatean 19etan Loterías Ligako laugarren sailkatuaren aurka “oso partida zaila” Bera Beraren entrenatzailaren esanetan “gogotik prestatzen ari garen norgehiagoka”.
“Bi taldeek erritmo altua ezarri ohi diogu partidari, aldea da guk defentsari gehiago erreparatzen diogula, beraiek dira gol gehien sartzen duen taldea eta guk gol gutxien jasotzen duena” azaldu du prestatzaileak. “Hor dago aldea –jarraitzen du- defentsan kontraerasora irteteko irrikan daude, horregatik, norgehiagokaren gakoa defentsan dago, taldeek atzera egiten asmatu behar dute eta erasoan tinko ibili”. Horregatik, larunbateko partidaren tankera hartzeko gaur arratsaldean Bidasoa B senior taldearen aurka lagunartekoa jokatuko du Bera Berak Bidebietan.
Komunikabideen aurrean izandako agerraldian, Montse Puchek onartu du A Guardan Rocasaren porrotak zer esana eman duela taldean “egungo egoeraz hitz egin dugu, Liga gure esku dago eta nabaritu dugu, jokalariak konzientziaturik daude”. Urrian Rocasa eta Mecalia Atlético Guardés taldeen aurka galdu ostean, askok zalantzan jartzen zituzten gipuzkoarren aukerak Ligarako, baina zazpi jardunaldi ostean Bera Bera izan da Rocasaren erritmoa jarraitu duen bakarra eta orain bi puntura baino ez ditu kanariarrak.
Hortaz, Montse Puchek adierazi du “beti izan dugun presioa kudeatzen jakin behar dugu orain, entrenaldietan nahiz partidetan, baina motibazio gisa hartzea nahi genuke”. Egoera berria “nabaritu da azken partidan, urte hasieran ez bezala baloi gutxiago galdu genituen azken partidan” aipatu du.
“Motibazio handia” izango duen Aula Valladolid taldea espero du Puchek. Guardes gainditu zuen etxean, Leonen aurka partida irauli azken minutuetan eta Aiala Zarautzen aurka partida handia burutu zuen lehengo larunbatean. Junior mailako selekzioarekin aritu den Maitane Etxeberria bihar arte ez du taldearekin lan egingo eta horrek kezkatu du entrenatzailea.
Rocasaren atzetik
Hainbeste denboran Rocasaren atzetik egoteak nola kudeatzen den galdeturik, Puchek azpimarratu du “gure lana eta zeregina egun bakoitzean dago, hobetzen, akatsak saihestuz eta jokuari helduz, taldearen funtsari ahalik eta ondoen erantzungo diona”.
Apirilean Bera Berak Telden jokatuko du, Kopari –baldin eta Aiala Zarautz gainditzen badu datorren larunbatean- eta Guardes hartuko du Bidebietan. Halere, Puchek berretsi du “nahiz eta gauza batzu epe luzera landu, hainbat esparru hobetzen saiatuz, hurrengo partida baino ez dago gure buruetan”.