Sei penalti jaurtitzaile
Penalti jaurtiketak ez dira izan azken urteotan Bera Beraren indarguneetariko bat. Halere, aurtengo denboraldian Ligan %82an asmatu du, Superkopa eta EHFko bi partidekin, portzentajea %87a igotzen delarik, izan ere, Montse Puchek badu non aukeratu.
Lehengo larunbatean Aritzbatalden bost jokalari gerturatu ziren zazpi metrotan dagoen marrara. Ana Martínez birritan, Eli Pinedo, Tania Yáñez, Bea Fernández eta Alicia Fernández, guztiak asmatu zutelarik. Beste penalti jaurtitzailea Matxalen Ziarsolo da, belaunan izan zuen ebakuntzaz sendatzen jarraitzen duena.
Bi datu dira aipagarriak penaltien inguruan, alde batetik, partida garrantzitsuetan lortu duen portzentai altua, Superkopan eta EHFko kanporaketan, %96a, hau da, Bera Berak Gaskan jokatu zuen finalean adierazitako sei penaltiak asmatu zituen eta Iuventa Michalovce taldearen aurka 19tik bakarra huts egin zuen. Abuztuan zazpi metrotara lau jokalari hurbil ziren: Ziarsolo (2), Pinedo (2), Alicia Fernández (1) eta Ana Martínez (1).
Beste datu esanguratsua da Loterías Ligan, orain arte, 51 penalti alde adierazi diote Bera Berari, hau da, partidako 3,6; arestian aipaturiko hiru norgehiagoketan (Superkopan eta EHFn) 25 izan ziren, hau da, ligako 14 jardunaldietan baino erdia.
Aitzitik, Ligan 69 aldiz zigortu dute, Europan zortzi eta Superkopan bakarra. 78tik, Bera Berako atezainek %37an asmatu dute; Ligan, ia %40an.