Golen aldeari esker líder, etxekoak nagusi izan diren jardunaldian
Loterias izeneko emakumeen eskubaloiko Ligako lehenengo jardunaldi amaieran Bera Bera Eskubaloia da aurreneko líder Aiala Zarautzen aurkako partidan lortutako golen aldeari esker (36-13).
Jardunaldian ez zen aparteko sorpresarik eman, etxeko taldeak nagusitu ziren eta emaitza airean zegoen Rocasa Ace Gran Canaria eta Mecalia Atlético Gaurdés partidan, Teldeko jokalariak nagusitu ziren bigarren zatian (18-16), atsedenaldiko markagailua irauliz (5-8).
Golen alde gehien eman zen bigarren partidan beste derbi batean izan zen Valladolideko Aula Cultural Valladolid eta Leongo Carobles Ule Cleba taldeen artekoan (44-31). Gainontzekoetan etxeko taldeak ondo baino hobeto kudeatzen jakin izan zuten lortutako tarteak: Prosetecnisa Zuazo Barakaldok KH7 Granollers (31-25) gainditu zuen, Elche Mustang taldeak Jofemesa Oviedo (24-20), Helvetia Alcobendasek Canyamelar Valencia (25-22) eta BM Porriñok Clínicas Ríncón (35-31).
Bera Berak azkeneko lau denboraldietako tarterik zabalena lortu zuen larunbatean. 2013ko denboraldian donostiarrak Cleba León (46-20) gainditu zuten eta hurrengo denboraldian, urte bereko azaroan, Kukullaga Etxebarri (15-40).
13 gol jasota
Denboraldiak pasa ahala, geroz eta gol gutxiago jasotzen du Bera Berak. Halere, taldean eman diren aldaketak kontutan harturik oraindik garaiz da etorkizunean gertatuko dena aurreratzeko baina jokatu diren bi partida ofizialean, Rocasak 17 gol egin zizkion eta Aiala Zarautzek, 13. 2011ko urrian Porriñon hamaika gol baino ez zituen sartu eta 2012ko urtarrilean, Ucam Murciak 13.
Azkeneko bi urteetako liga hasierak ere urriak izan ziren golak jasotzeko garaian. Imanol Álvarez eta Martin Larrañagaren taldeari 16 gol sartu zizkion Mecaliak A Guardan (Bera Berak, 23) eta iaz KH7 Granollersek, ohorezko mailan egindako debutean, 15 Bidebietan.
Alicia Fernández eta Tania Yáñez
Gola egiteko garaian oso banatuta zegoen baina batez ere albokoen lana azpimarragarriena izan zen, etorri berri diren Alicia Fernández eta Tania Yáñez, Bidebietan jokaturiko aurreneko partidan. Galizarrak hutsuneak aurkitu zituen zarauztarren defentsan zazpi gol sartuta eta bizkaitarra aurreneko zatian eraginkorra izan zen lau golekin (guztira, sei)
Bigarren jardunaldian, Valentziako El Cabañal pista zailari egingo dio aurre Canyamelarri Bera Berak, iaz garaipena azken baloian lortu zuelarik. Bestetik, azpimarratzekoak dira galiziarren arteko derbia A Guardan eta Rocasaren bisita Oviedori, Zuazorena Malagari eta Aula Culturalena Zarautzen.