Matxalen Ziarsolo: “Atzera begiratu baizik helburu berriak nahi ditut”
Gaur arratsaldean gauzatu den kontratu luzapenarekin, Bera Bera Eskubaloiko kapitain Matxalen Ziarsolok klubean 16. denboraldia beteko du eta ohorezko mailan, 15. Ermuatik 17 urte zituela iritsi zen Bidebietara, bigarren taldean kokatu zen, belaunean lesio larria izan zuen Castelldefelsen –egungo zilarrezko ligan- eta Reyes Carrere entrenatzailearekin 2001-02 denboraldian sartu zen lehenengo taldean. Tati Garmendiaz aparte, klubeko bigarren golegile nagusia da, 1.404 gol sartu ditu Liga, Kopa, Superkopa eta Europan.
Matxalen Ziarsolo “oso pozik” ageri da “beste urtebete jarraitzeko”. “Nik ez dut sekulan pentsatzen 15 urte pasa direla, ez dut atzera begiratzen, jokatzen ari naiz eta etengabe bolada desberdinetan gaudenez eta taldean aldaketak ematen dira ez dago monotoniarik”.
Eskarmentu handiko kapitainak Bera Beran mugarria antzeman du. Bere ustez “aurreneko titulua irabazteak –L’Elianan 2007an Ribarrojari 25-22, apirilaren 1ean- hurrengo txapelketak ekarri zituen. Handik aurrera ligan helburua hobetzea zen, irabaztera iritsiz”. “Urte hauetan helburuak lortu ditugu eta jokatzen jarraitzeko gogokin nago” adierazi du.
Championsen bizitakoaz galdeturik, Ziarsolok onartu du “jokatzea emozio handia izan zen, Bera Berak bizitako unerik garrantsitsuenetarikoa, bidaiak eta partiden intentsitateagatik gogorra izan zen arren merezi izan zuen”. Oraindik gogoan du debutean “Vardarren aurka –azkenenko bi final fourrean izandako taldea- emaitza hobea lortu genezakeen”.
Bere burua “esperientzia duen gaztea” definitzen du eta belaunean duen lesioa errekuperatzen ari da. Ziarsolok uste du “taldean aldaketak egongo dira” altak eta bajak direla eta. Bere ustez “defentsa koordinatu beharko dugu, taldeak defentsarako sena du, jokalari onak arlo horretan eta entrenaldiak eta atezainekin nire ustez denborarekin hartuko diogula neurria helburuak lortzeko”. “Egin diren fitxaketan erasoan lasaitasuna emango digute, golegileak direlako”.
“Eta Montse Puchek gure eraso jokua aldatzen jarraituko du. Bere ideietara moldatzen hasi ginen, eraginkorra da, erasoan hobetu genuen baina oraindik falta zaigu” ohartarazi du.
Entrenatzaileaz galdeturik, “egondako bi hilabeteetan gustora egon ginen eta hobetzeko aukera dugu” adierazi du Ziarsolok.