Superkopa: abuztuaren 29 edo 30ean; liga, irailaren 5etik aurrera
Espainiako Eskubaloi Federazioak lehengo larunbatean burutuko Asanbladan onartu zuten besteak beste 2015-16 denboraldiko kirol egutegia. Horrela, azkeneko bi urtetan bezala Bera Bera eta Rocasak irekiko dute urtea Superkoparekin, abuztuaren 29 edo 30ean oraindik lekua definitzeke dagoelarik.
Astebete beranduago, irailaren 5ean hasiko da 2015-16 liga, 2016ko maiatzaren 28ra bitartean. Liga hiru herenetan banatuko da, hamar partidako aurrena eta zortzikoa beste biak.
Iraileko aurreneko larunbatetik azaroren 14ra arte ligako hamar jardunaldi jokatuko dira, hau da, guztiak urriaren 11an izan ezik. Halere, iaz bezala baldin bada, Bera Bera EHFko hirugarren txanda sartuz gero, azaroaren 14 eta 21ean helduko dio aurreneko kanporaketari. Europan izena emateko epea uztailaren 6an amaituko da, aurreneko zozketan 21ean izango delarik.
Kopan nobedadeak daude, Rocasa txapeldun gisa eta antolatzailea zuzenean sartuko dira final laurdenetan. Aurreneko kanporaketa azaroaren 21 edo 22an ospatuko da eta bertan ez dira izango ligako aurreneko zazpi sailkatuak.
EHFko kanporaketa gaindituz gero, 2016 urtea estu hasiko da Bera Berarentzat, final zortzirenak 2016ko urtarrilaren 9 eta 16an izango direlako, ligako itzulera Errege egunera aurreratuko delarik. Egutegiak bederatzi jardunaldi jarraian planteatzen ditu martxoaren 5era arte, ligako zortzi eta Kopako final-zortzirenak –etxetik kanpo partida bakarrera-, EHFko final-laurdenetako joaneko partidarekin bat egingo duelarik.
Eurokopan izateko sailkapen faseko 3. eta 4. jardunaldiak, Junior mailako Mundialerako sailkapena eta Aste Santua tartean, martxoan jardunaldi bakarra jokatuko da. Martxoaren 5etatik apirilaren 2ra arte ligak etenaldia izango du eta aurreneko asteburu horretan EHFko finalerdiak aurreikusi dira.
Apirilaren 2tik maiatzaren 28ra arte arnasik gabe. Ligako zortzi jardunaldi eta Kopako hiru egunak, apirilaren 15etik 17ra.