Bera Berak ez du Championsen izena emango; EHFn ordea, bai
Emakumezkoen liga amaitu dela hamar egun besterik ez direla pasa, Europako Federazioak Champions Leaguen inskripzioa egiteko epea gaur amaitu da. Ligako txapeldun gisa datorren urtean lehiaketa gorenean parte hartzeko aukera izan du Bera Berak.
Halere, Bera Berak ez du inskripzio orrialdea bete, Europako Federazioari eskutitza bidali dio erabakia azaltzen eta EHF Cupen jokatzeko asmoa duela iragarri ere bai.
Europako Federazioak konfirmaturik, Championsen ibilbidea irailaren 12 eta 13an hasi beharko luke Bera Berak, hau da, Qualification delakoari heldu beharko lioke eta ez 2013an bezala multzoen fasean zuzenean jokatu. Espainiako ligak rankinean posizioak galdu ditu lehiaketak iaz irizpideak aldatu zituelako.
Atarikoa oso gogorra da, izan ere, iaz bertan gelditu ziren FTC eta FC Midtjylland, Hungariako eta Danimarkako egungo txapeldunak.
Champions Leagueko multzoen faserako txartela lortzea zaila bada ere, lehiaketak gauzak estutzen jarraitzen du. Pistako balditzak eta telebistazko produkzioa zazpi kamerekin eta arlo horri lotuta dauden eskubideeena, orain, esate baterako, gutxienez 2.000 ikusleentzako lekua bermatu behar da eta pistari dagokionez honako neurria: 45 m. x 25 m.
Datorren denboraldiari begira taldea bermoldatu behar du Bera Berak eta irailaren erdian atariko gogor bati ekin beharko lioke eta irabaziz gero, ondoren sei partidako ligaxkari heldu urrian eta azaroan.
Hiru sailkatuen artean geldituz gero otsailean eta martxoan beste sei partidako ligaxka izango luke Bera Berak aurrez aurre, hau da, baldintzak bikoituz ekonomikoki eta fisikoki, hau da, 14 partida. Eta ligaxkan laugarrena geldituz gero Cup Winners’ Cupen kanporaketak final zortzirenetatik aurrera, hortaz, gutxienez hamar norgehiagoka.
Atarikoan geldituz gero –teorian, besteak beste, Gyori handia egongo litzateke, 2013 eta 2014ean Championsa irabazi zuen taldea- Bera Berak Cup Winners’ Cupeko hirugarren txandan jokatuko luke, hau da, EHFn izena ematean ziur aski azaroan ere hasiko luke ibilbidea.
Zoritxarrez, Bera Berak ezin du bakarrik horrelako erronkari heldu nahiz eta kirol merituak horrela merezi. Halere, EHF lehiaketa oso interesgarria da eta Europako ibilbideari begiratuz gero –azken urteetan txapeldunek edo finalerdietara iritsi diren taldeak kanporatu dute- Bera Berak uste baitu oso paper duina egiteko aukera duela datorren urtean.