“Bizitzaren metafora da kirola, amesten segi nahi dugu”
Larunbatean matematikoki liga eskuratu ostean, gaur Donostiako udalean hartu dituzte Bera Berako jokalariak Juan Karlos Izagirre alkateak eta hainbat zinegotzik.
Alkateak Haizearen Orraziaren marrazki bat oparitu dio taldeari eta Matxalen Ziarsolo kapitainak jokalariak sinaturiko taldeko kamiseta bat. Era berean, Izagirren zoriondu du taldea eta bertso batean animatu du “amesten jarraitzeko, xume xume edozein lekura iritsi daiteke”:
Bertso batekin nator gaur/txapeldun finen ondora/urte osoko ahalegina/zoriondu beharko da/Donostiaren izena/segi zabaltzen kanpora/mundialak zarete eta/zabaldu mundu osora/Bera Bera zorionduz/ekarri nahi dut gogora/kirola izan leikela/bizitzaren metafora/amesten segi nahi degu/begiratu luzarora/iritsi daitezke eta/xume xume edonora
Ziarsolok adierazi du “gogorra izan dela liga amaiera” eta taldeak eskuratu duena goraipatu du “irabaztea ez delako erraza”. Ondoren, hitza betez –azkeneko harreran liga irabazita bertsoa botako zuela- honako abestu dute jokalari nahiz presidenteak:
Hirugarrenez ligan garaile / ez da ez lorpen makala / gure esfortzu etengabeak / luzaro goza gaitzala / marka guztiak hausten jarraitu / orain artean bezala / emakumeen kirola dugu / Donostian mundiala!