Montse Puche: “Gure esku dago eta horrek lasaitasuna ematen digu”
Asteburu honetan emakumeen eskubaloi ligako hilabeterik erabakienetan sartuko da Bera Bera, A Sangriña bisitatuz, Mecalia Atlético Guardés hirugarren sailkatuaren pista, alegia. Galizarrak bost puntura daude, liga irabazteko aukera urriak dituelarik batez ere etxean, apirilaren 11n, Rocasaren aurka galdu ostean.
Komunikabideen aurrean, Montse Puchek onartu du “taldea ondo ikusten dut, gogokin eta hori ezinbesteakoa da niretzako, guztia emateko prest daudela nabaritzea”. “Jokalariek argi dute partida hau oso garrantzitsua dela eta lagungarria izan daitekeela falta zaigunari ekiteko” gaineratu du.
Bera Berako entrenatzaileak uste du larunbatean “liga irabazteko aukera handiak jarriko ditugu jokoan”, halere, ñabardura batekin “ez da hil ala bizikoa”. Bere ustez, “garaipenak hurrengo partidei heltzeko indar handia emango liguke baina galduz gero ligak gure esku egoten jarraitzen du”. Puchek azpimarratu du “pizgarri bat izango litzateke lanean jarraitzeko eta Rocasaren aurkako partida erabakiorra prestatzeko”.
Halere, onartu du “gure esku egotea lasaitasuna ematen du, era berean, ardura da baina gure atzetik joatea okerrago da”.
Mecalia Atlético Guardés taldeari buruz galdeturik, Montse Puchek uste du “Rocasaren aurka galdu izanak, bost puntura egoteak, aldatu duela egoera. Hiru puntura egon balitz beste Guardes ikusiko genukeela uste dut”, halere bere esanetan “alde onak eta txarrak ditu egoera horrek”. “Bera Beraren aurka jokatzen dute talde guztiek motibazio handia dute, ardura gutxiago eta, horregatik, oso partida zaila izango da, giro aparta bezain beroa egongo da pistan eta guk ezin dugu jokatu markagailuari begira” ohartarazi du.