Azken txanparako prest!
Iazko denboraldian emakumezkoen arraun liga eta Kontxa irabazi zuen Pasai Donibaneko traineruan islatu nahi izan zuen atzo Bera Berako plantillak eskubaloiko ligako azken txanparako prest daudela.
Pasai Donibaneko bateleren egoitzatik trainerua bizkar gainean hartu, Kintxo lagun, ontziari buelta ematen erakutsi die neskei, berriro altxatu dute eta uretara. Haizeak eta Bidebietan burutu behar zuten entrenaldia ez diote jokalariei arraunean egiteko aukerarik eman, baina nahikoa izan da argazkia ateratzeko momentua trainerua nola mugitzen den nabaritzeko. Orduan gerturatu dira Ane Pescador, Irati Salazar eta Lorea Etxart arraunlariak eta Juan Mari Etxabe entrenatzailea. Montse Puche patroi lanetan, Pinedo eta Arizaga jarri ziren aurrean eta Temprano atzean zegoelarik, trainerua osatu zuten hamalauek.
Izan ere, 20 jardunaldi ostean, sei partida falta zaizkio Bera Berari hirugarren liga lortzeko, azken txanpa. Horretarako, martxoaren 7an bezala–Maialen Múgica izan ezik- jokalari guztiak daude entrenatzailearen aginduetara. Orduan Tati Garmendia. Castelldefelsen aurka Elorza eta Zugarrondok hartu zuten mina; ondoren Ana Martínez eta Amaia Azanza. Lau partida izan dira zazpi astetan, lau garaipen eta Tati Garmendiak lekukoa eman zion Montse Pucheri Elxen, non taldeak egin zuen erasoko joku azkarra harritu zuen.
Zugarrondo lehengo astean itzuli zen taldera eta Amaia Azanza, herenegun. Hortaz, Montse Puchek badauka non aukeratu Valladolideko Aula Cultural taldeari aurre egiteko (Bidebietan, 18etan), eraso joku alaia egiten duen taldea eta, besteak beste, Telden Rocasari puntu bat kentzeko zorian egon zena.