Andrea Arellano, kadete 2 taldeko kapitaina “Fase finala dugu helburu”
Bera Bera Egia kadete 2 taldeko kapitaina da, Euskadiko Txapelketari ekin diote fase finalerako txartela lortzeko asmotan Espainiako Txapelketa jokatu ahal izateko.
Andrea Arellanok ezin du oraindik ligaxkan jasandako aurreneko porrota burutik kendu. Lehengo larunbata izan zen, Gascan, EHF Cupeko Bera Bera eta Lada aurreko partida. Bera Bera Egia kadete 2 taldeak 20-22 galdu zuen Beti Onera Zuazo bizkaitarren aurrean. Andreak aitortu du “oso urduri atera ginen” eta onartu du “defentsa ona egin zuten”. “Gainera, epaileak jokua gehiegi moztu zuen, ez zigun abantail legea utzi eta norgehiagoka konplikatu egin zitzaigun”.
Oso partida berdintsua izan zen. “Selekzioetan taldekideak gara eta lehia handia da. Erraz irabaziko zutela zioten baina asko sufritu behar izan zuten” azaldu du. “Niri asko gustatzen zait gure defentsa baina hegalek gol asko sartu zituzten, lateralek baino gehiago” aipatu du.
Gainera, iazko denboraldian gauza bera gertatu zen, Donostian Beti Onera Zuazok gol batez irabazi zuen eta Bera Berak gauza bera egin zuen Barakaldon. Andrea ziur dago garaipena etorriko dela bere buruan sailkapenean aurreneko bien artean egotea baitago, fase finala jokatuko duenen artean, alegia.
Horretarako, larunbatean Mundakan Urdaibai E.T. gainditu beharko dute eta, ondoren Amazsa Urdaneta, teorian biek Bide Onera Zuazo baino talde eskuragarri dira eta.
Euskadiko txapelketan edo Gipuzkoan dagoen “aldea” nabaritu du Andreak. Halere, “taldearengan konfidantza dut eta uste dut sailkapena lortuko dugula”.
Denboraldiko beste erronka euskal ligan aritzea da. Andreak eta taldekide gehienek 16 urte beteko dituzte aurtean eta, ondorioz, jubenil mailan izango dira datorren denboraldian.
Eli Pinedo eta Bea Fernández
Andreak miresmen aurpegia jarri du ohorezko mailaka taldea hizpide denean. “…Onenak dira…” hasperen egin du. Bidebietara beti dator eta eserleku atzean jartzen dira taldekideekin. “Oso ondo jokatzen dute eta ederra da ohorezko mailako taldea gure ondoan izatea”. Eli Pinedok liluratuta dauka Andrea, “bere jokua ona da, dena ondo egiten du, jaurtiketa azkarra du…, ez dakit, dena”. Eta Bea Fernandezek ere bai, izan ere, “Sagunton zegoenetik jarraitzen dut eta hona jokatzea zetorrela oso albiste handia izan zen niretzako”.