Bera Bera

Select your language

Akaba Bera Berak partida handia jokatu zuen atzo Donostian. Hala ere, azken minutuetan ez zuen asmatu Kroaziako Prodavka Vegeta taldearen erasoa eusten. Horregatik, norgehiagokan maiz izan zuen bost goleko aldea hirutan gelditu zen amaieran: 32-29. EHF Kopako final-zortzirenetako itzulikoa Kroazian jokatuko du Akabak gaur zortzi. Ongi hasi zuten partida donostiarrek. Indartsu defentsan zein erasoan. Aurrean izan zuen aurkaria ez zen nolanahikoa. Talde beldurgarria da Prodavka Vegeta. Jokalari indartsu eta handiak ditu, 1,90 inguru neurtzen duen Naukovitx kasu. Horregatik, donostiarrak defentsan lan handia izan zuten. Lehen minutuetan markagailua nahiko parekatua izan zen baina denbora aurrera joan ahala Akaba Bera Berak gora egin zuen. Defentsan ongi eusten zien kroaziarrei eta erasoan ere gol asko sartzen zituen. Zoqby atezain brasildarrak asmatzen zuen geldiketetan eta etxekoen atea zulatzea zaila zen. 25. minutuan sei goleko aldea izan zuen Akaba Bera Berak eta atsenaldira lau goleko aldearekin iritsi zen, 16-12. Taktikoki oso ongi jokatzen ari zen, eta ertzetatik, goitik eta behetik zulatzen zuten kroaziarren atea. Bigarren zatian, aldiz, oso indartsu atera ziren kroaziarrak. Pasicnik eta Naukovitx nor baino nor hasi ziren golak sartzen. Partidan gol gehien sartu zituen jokalaria izan zen Pasicnik: 14 gol sartu zituen. Markagailuan hurbiltzen hasi ziren kroaziarrak(18-15), baina etxekoak ez ziren behera etorri eta bost goleko aldea lortu zuten 20. minutuan. Garmendia eta Kowalska poloniarra oso fin ari ziren, taldekideei pase onak emateaz gain, golak sartzen zituzten: 17 gol sartu zituzten bien artean. Baina azkeneko hamar minutuetan defentsan huts egiten hasi ziren donostiarrak eta Prodavkak aukera baliatu zuen. Epaileek Garmendia eta Kowalska batera kaleratu zituzten bi minuturako eta kroaziarrak markagailua estutu zuten. Zulo gehiegi zeuden defentsan kroaziarren erasoak eusteko. Halare, Prodavkak ez zituen 30 gol baino gehiago sartu. Hiru goleko aldea txikia izan daiteke, baina bada aldea.

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores