Bera Bera

Select your language

Azken hiru jardunaldiak zinez gogorrak izan dira Donostiarrontzat: urtetik urterako garapen nabaria duen Eibar, aurten Ohorezko mailatik jaitsi berri den Getxo eta guztiz eraldatua agertu den Hernani bat izan ditugu fronteko zelai-erdian. Igandeetan gogotsu jaiki eta indarrez ekingo genion aurrean genuen jardunaldiari. 

Unbeko zelai hotz eta hezean egon ginen emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean, eguerdiko 12:00an jokatuko genuelarik norgehiagoka. Eibar armagintza industrian iaioa bada ere, donostiarrak artilleria astunaren andre eta jabe garela erakutsi genuen. Alemaniatik etorri berri zen Claudia estreinatu zen partidu hartan, beti bezain gogor eta inoiz baino gogo gehiagorekin baloi bakoitza jokatuz, uneren batean bota galtzeak ez zuen bere ibilbidean geldiarazi! Cristyk ere eman zuen sorpresa, plakaketa irmoekin altueran bikoitza ziren jokalariei jokoa etenaz. Josune ere berreskuratu genuen partida hartan, urpekaritza ez omen zitzaion gustatu, eta hala ere bertan ikasitako teknikak erabilgarri izan zitzaizkion euripean mela-mela bukatzeko. Indartsu mantendu ginen lehenengo zatian, 7-0 iritsita: meleak gureak ziren, eta touchetan ere inor ez zebilen eroso. Azkenerako, partidak 40-0 amaitu zuen, eta hirugarren denbora paregabeaz gozatzera jaitsi ginen hiriaren erdigunera.

Getxoren aurkako partida etxean jokatu genuen handik astebetera. Defentsaren arloan nabarmenki ondo jokatu zuen taldeak, ordena mantenduz lerroan eta burua ahal bezain hotz edukiaz. Gureak baino historia gehiago du Getxoko emakumezkoen taldeak, eta esan genezake historia horrek esperientziaz gain nolabaiteko jakinduria ematen duela. Emaitza gure alde joango ez zela jakin arren, otsokumeok ahal bezainbeste baloi borrokatu genituen, eta partidaren amaiera aldera iritsiko zen borroka horrek zekarren momenturik gozoena: 2018-2019 denboraldian Getxori entsegu bat egingo zion lehenengo taldea bilakatu ginen. Transformazioa barne, 7-104 galdu baina kontent atera ginen zelaitik.

Eta urtea amaitzeko, 2018an izango genuen ligako azken partida pasa den igandean jokatu genuen Landaren. Aste osoko euriteek zelaia nahiko lokaztuta utzi zuten, partidan zehar egongo ziren meleak zailduko zituelarik. Hernani eraberritu batek aurredenboraldian egurra eman zigunez, neskok gogotsu ginen aurkariei sorpresa emateko, eta halaxe izan zen. Penaz ez genuen markagailua guk estreinatu, eta 13. minutuan jaso genuen lehenengo entsegua kontran. Transformazioarekin, 7 puntuko aldea izango genuen bi taldeen artean, eta talde bakoitzak bi entsegu egin ondoren, 12-5 geratuko zen markagailua. Azkeneko uneetan otsokumeok entsegua oso gertu izan genuen, baina hatzamarretatik ihes egin zizkiguten 5 puntuek avant madarikatu batekin. Termas Bera Berak joko nahiko ordenatua eta defentsa sendoa ageri genuen, eta ATSS/Hernani/Txingudi ez zen inondik inora ere gutxiago izan. Partida zinez polita gozatu zuten bai jokalariek eta bai ikusleek, eta liga honetan topa daitezkeen taldeen maila desberdinak alde batera geratuaz, benetan lehiatua egon zen partida bat ekarriaz Gipuzkoara.

Laguntzaileak / Colaboradores

  • AVK Valvulas

  • Grupo Bultz

  • Goi Recursos Humanos

Laguntzaileak/Colaboradores